OROKORRA
Death kiss - Jonathan Lhoir
Irudi hau May irlan, Eskozian, egin zen. Inguruko kaio beltzek sarritan beste itsas-hegaztien arrautzak jaten dituzte, antxeta hankabeltza, pottorro arrunta eta martinenak esaterako. Argazkilariarentzat ordea, kaio beltz bat lanperna-musu bati eraso egiten ikusten zuen lehen aldia zen. Irlan lanperna-musu asko daude eta ugal-garaian, txitak elikatzen dauden artean, itsasora arrantza egitera behin eta berriro joaten dira. Azkenean, lanperna-musuak alde egitea lortu zuen eta ur azalean onera etorri ostean, berriro ere hegan habiatu zen. Dena den, hau ez da beti horrela izaten, kaio beltzen erasoak hilgarriak izan ohi dira.
Azken ostalaria - Francisco Javier Abad
Hontza zuri honen argazkia Murtzian, ULULA Elkarteak burutzen duen harrapari gautarren jarraipen proiektuaren garapenaren baitan egin zen. Argazkian agertzen den alea elkarteak jarritako habi-kutxa batetan txita zela eraztundutakoa arra da. Eraztundu eta urtebetera, bertatik 2 km-tara dagoen landa-etxe batetan jarritako beste habi-kutxa batetan negua pasatzen ari zen. Informazio hau, argazkia egitearekin batera eraztun metalikoan zegoen inskripzioa irakurri zelako lortu zen. Argazkia apeurik erabili gabe egin zen, ohiko pausalekuak zeintzuk ziren aurkitzeko behaketa eta itxaronaldi ordu askoren ostean. 2022an argazkia egin zen etxearen zati bat erori zen eta gaur egun bertan ez da hontza zuririk ageri. Egileak zera dio: “gure landa eremuetatik kortijoak desagertzea penagarria da”.
Saia elurretan - Carlos Martínez
Aragoiko Gobernuak, herrialdeko beste erakunde kontserbazionista eta zientifiko batzuekin batera, sai-arreen mugimendu-pratoiak eta biziraupena ezagutu ahal izateko aldizka aleak markatzen dituzte. Markatzen ari diten bitartean, sarritan, hegaztien osasun-egoera ezagutu ahal izateko lagin biologikoak hartzen dituzte. Argazkian ageri den saia Aragoiko Gobernuak 2010eko urriaren 6an Laspueña-n (Huesca) markatu zuen eta argazkilariak urte batzuk geroago, Ordesa Parke Nazionalaren sarreran, Laspueña-tik kilometro gutxi batzuetara irudian jaso zuen.
ARTISTIKOA
Zerua zeharkatzen - Sergio de la Fuente
Noalejo, 2017an GREFAk LIFE Bonelli proiektuaren baitan askatutako Bonelli arrano arra da. 2018an urte berean askatutako beste Bonelli arrano batekin bikotea osatu zuen. Ordutik Madrilgo Erkidegoan ugaltzen dira, urtero kumeak aurrera ateratzen dituztelarik.
Antzandobi arrunta IV - Joxean Isasi
Antzandobi arrunta bere banaketa-eremuaren parte handi batetan gainbehera dagoen espeziea da; Kantauri itsasoko ertzean gainbehera honen eragile nagusietako bat landazabal atlantiko tradizionalei eragiten dieten lur-erabileraren aldaketak dira. Argazkiaren egilea eraztunlea da eta antzandobi arruntaren hainbat parametro demografiko (lurraldeekiko fideltasuna eta biziraupena adib.) estimatzeko helburuz, antzandobi arrunta populazio txiki baten markaketa proiektua kudeatzen du.
Oloen artean - José-Elías Rodríguez
Buztantente hau 2017an eraztundu zen eta irudi hau, urtebetera, harrapatu zen lekutik gutxi gora behera 100 m-tara egin zen Lorenzo Alcantara-k Almendralejo-tik gertu (Badajoz) garatzen duen proiektu baten harira. Buztantentea argi eta garbi, gainbehera dagoen espeziea da; Espainiako Hegaztien Liburu Gorrian “Arriskuan” kategorian sartzen da. Testuinguru honetan, geroz eta murritzagoak diren espeziearen populazioen hainbat parametro (biziraupena eta dispertsioa) eraztunketaren bitartez ezagutarazten ari dira.
KONTSERBAZIOA
Ugatzaren hegaldia - Oliver Pérez-Amas
'Sistar' izena duen ugatza hau Fundación para la Conservación del Quebrantahuesos-ek La Garcipollera-n (Huesca) 3 urterekin eraztundutako emea da. Argazkia Torlan, Ordesa Parke Nazionalean eraztunketa lekutik gutxi gora behera 30 km-tara, urtebetera egin zen aleak 4 urte zituela. Espezie honetako aleen markaketari esker beren kontserbaziorako oso garrantzitsua den informazioa lortzen ari dira: lurraldea nola erabiltzen duten, zenbat eta noraino mugitzen diren, zenbat urtez bizi diren, non eta nola hiltzen diren edo bikoteak nola osatzen dituzten eta nola ugaltzen diren.
Heriotza gatzagan - Juan Bécares
Flamenko hau, 2022ko maiatzean Audouin kaioen jarraipen proiektuaren lanak egiten ari zirela Punta de la Banya-n (Tarragona) hilik topatu zuten. Txita zela 1983an La Camarga-n (Frantzia) eraztundu zuten eta hortaz, 39 urte zituen. Bere bizitzan zehar leku desberdinetan ia ehun aldiz behatutako alea da hau: Marismas del Odiel-en (Huelva), Baquiruelas-en (Sevilla), La Camarga-n eta Frantziako mediterraneoko beste hezegune batzuetan, Delta del Ebro-n, Fuente de Piedra-n (Málaga) eta Argeliako itsasertzeko hezeguneetan. 2002 eta 2003an Fuente de Piedra-n (Malaga) ugaldu zen, 2006an Argelian ugaltzaile probable moduan identifikatu zuten*n eta 2008an Punta de la Banya-n txita bat aurrera atera zuen. Nola ez, oso datu interesgarriak eta bizi luze eta betea.
Primilla - José-Elías Rodríguez
DEMAk askatutako Naumann belatz arra hau Villalba de Barros-etik (Badajoz) gertu dagoen kortijo batetan jarritako habia artifizialetako hartzailea da. Pepe Antolín-ek zuzendutako naturaren kontserbaziorako talde honek, gaur egun Espainian “Zaurgarri” bezala katalogatuta dagoen eta azkeneko mendean estatu mailan populazioen %30-40ko gainbehera jasan duen mehatxupeko espezie honen kontserbazioaren alde, 30 urte baino gehiago daramatza lanean.
PROIEKTUAK
Mozolo arrunta, lan ona - Mano Aliczki
Mozolo arruntek denbora asko daramate Hungariako Lautada Handiko labore-lurretan ugaltzen baina habiak egiteko egokiak ziren eraikin tradizionalen desagerpenak eta mozoloek habiak egiteko horren egokiak ez diren eraikin modernoen eraikuntzak, Hungarian hontza espezie honen biziraupena arriskuan jarri du. GKE kontserbazionista batek, Mozolo Arrunten Babeserako Hungariako Elkarteak, arazoaren berri izan zuen eta ordutik, Kiskunsag eskualdean habiak egiteko leku artifizialen sarea sortuz, espeziearen etorkizuna ziurtatzeko lan nekeza egin dute. Elkarteak hegaztien eraztunketaz lagunduta mozolo arrunten populazioen jarraipen sakona egiten du; honi esker beren kontserbazio-lanen arrakasta baieztatu dute eta espeziearen populazio-dinamika eta dispertsio-patroiei dagozkien oso datu baliagarriak lortu dituzte.
Kagú-aren kontserbazioa Kaledonia Berrian - Jonathan Lhoir
"Caillou"-aren ikur, Cagou-a Kaledonia Berrian geroz eta arraroago bilakatzen ari den txori bitxia da. Espezie endemiko hau Grande Terre-ko baso tropikaletan bizi da. Gaur egun aske ikustea arraroa den arren, Numeako Ohianeko Parkean eta Parque de la Rivière Bleue-n eta Parque de las Grandes Fougères-en bereziki, behatzea ez da zaila izaten. Espeziea iraungitze arriskuan dago eta irlako basoei estuki lotuta dago; baso hauek gaur egun gizakien jarduera, suteak, nikel meatzaritza eta espezie inbaditzaileen eragina direla eta degradatuta daude. Espeziearen eta erabiltzen duen habitataren kontserbazio eta leheneratzeko hainbat proiektu daude habian. Duela urte batzuk, espezie bikain honen ale gazteak eraztuntzeko ikerlari talde batekin irlara joateko aukera izan nuen.
Hegazti erreskatea Veta La Palma-ko arrain-haztegian - Pablo Silvestre
Doñana inguruan dagoen arrain-haztegi hau babesten duten sareak, elikagaia aise eta ugaria bilatzen duten hegaztientzako erronka izateaz gain, ihesbide zaila duten tranpa ere badira. Testuinguru honetan, Cadiz-eko Unibertsitateko ikerlari talde batek salbamendu lanak egiten ditu eta bide batez, harrapatutako hegazti batzuen ( koartzak, zikoinak, kaioak eta miru beltzak esaterako) odol- eta gorozki-laginak hartzeko aukera aprobetxatzen du. Odol-laginak Niloko Birusaren presentzia egiaztatzeko erabiltzen dira eta gorozki-laginak berriz, super-erresistenteak diren bakteriak antzemateko. Prozesua bukatutakoan, hegaztiak eraztundu eta askatzen dira.